Kirurgia anbulatorioa
Kirurgia Anbulatorioa esaten zaie ebakuntza kirurgiko hauei: anestesia oso, lokal edo erregional bidez edo sedazio bidez egiten dira; ebakuntza osteko zainketa laburrak dituzte eta ez dira intentsiboak; berehala edo ebakuntza egin eta ordu gutxira ematen da alta. Instalazio eta lantalde trebatuak eta kohesionatuak behar izaten dira, lana eraginkorra eta bikaina izango dela bermatzeko, baita pazienteen segurtasuna bermatzeko ere, beti pazientearentzat emaitzarik onenak lortzeko.
Zein abantaila du Kirurgia Anbulatorioak?
- Kirurgia anbulatorioaren abantaila nagusia da, pazientea ospitaleratzen ez denez, ospitale barruan antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioek eragindako infekzio larriak hartzeko aukera gutxitzen dela.
- Prozedura kirurgikoek ospitaleratzedun kirurgia beste segurtasuna dakarkiote pazienteari, baina haien konplikazio-tasa txikiagoa da.
- Pazienteak laster itzul daitezke ohiko jardueretara eta, hortaz, denbora gutxiago ematen dute ohiko ingurunetik kanpo.
- Pazienteei ebakuntza egiteko, ez da oherik libre dagoen itxaron behar; beraz, behar dutenean egiten zaie ebakuntza, eta kirurgia atzeratzeak ekar ditzakeen konplikazioak saihesten dira.
- Prozedura kirurgikoak ez dira hain inbaditzaileak eta, hortaz, trauma kirurgikoa txikiagotzen da.
- Pazientearen antsietatea txikiagotzen da.
- Arreta pertsonalizatuagoa eta gertuagoa da.
- Trauma kirurgikoa txikiagotzen da, eta, hortaz, zauri txikiko teknikak hobesten dira.
- Ospitaleratze- eta alta-prozesuak askoz arinagoak direnez, pazienteak zentroan denbora gutxiago ematen du.
Zer egin daiteke Kirurgia Anbulatorioko Unitate batean?
Zauri txikiko kirurgian eta anestesia-tekniketan izandako aurrerapenei esker –pazienteak azkar sendatzea ahalbidetzen dutenak–, prozesuen anbulatorizazioa edo eguneko kirurgia aukera egokientzat hartzen da prozesu askotarako, arretaren kalitatea eta pazientearen segurtasuna arriskuan jarri gabe. Izan ere, azken urteotan nabarmen garatu da, eta kirurgia programatu guztiaren % 80ez arduratzen da.
Espezialitate hauetako prozeduretan bereziki aproposa:
-
Digestio-aparatua
Gastroskopia, kolonoskopia, digestiboko polipektomiak, obestitatearen kirurgia endoskopikoa (urdail barruko baloiak, POSE metodoa, etab. ...) -
Kirurgia orokorra
Herniorrafiak (sabeleko herniak), uzkiko fistuletako kirurgia eta kiste pilonidalak. Hemorroideak. Bularreko tumorektomia. -
Aurpegi-masailetako kirurgia
Azaleratu gabeko 3. hagina ateratzea, kiste-erauzketa... -
Ortopedia eta traumatologiako kirurgia
Eskuko eta karpoko tuneleko kirurgia; sorbalda eta belauneko kirurgia artroskopikoa. Osteosintesiko materialaren erauzketa. Oineko kirurgia eta hallux valgus (juanikoteak). -
Kirurgia plastikoa
Batez ere, larruazaleko tumoreak erauztea, bularrak handitzea, mastopexia (bularrak altxatzea), kirurgia estetiko genitala, lifting-ak, zauri txikiko abdominoplastiak, blefaroplastia, errinoplastia, otoplastia, kokospetako kirurgia, orbainen eta erreduren sekuelen tratamendua eta ile-transplantea. -
Urologiako kirurgia
Basektomiak. Fimosiak. Orkidopexia (barrabilen jaitsierak). Orkiektomia eta barrabiletako kisteak. Maskuriko tumoreen erresekzio transuretrala. -
Kirurgia baskular periferikoa
Barizetako ebakuntzak, besteak beste. -
Dermatologia
Krioterapia, elektofulgurazioa, eta lesio, tumore, garatxo eta orbanen erauzketa kirurgikoa, eta, behar izanez gero, hainbat medikazio infiltratzea. -
Ginekologia
Laparoskopia ginekologiko diagnostikoa. Polipektomia laparoskopikoak. Gernu-ihesa. -
Oftalmologia
Begi-lausoak, bitrektomiak, injekzio intrabitreoak, blefaroplastiak, estrabismoa. -
Otorrinolaringologia
Miringotomiak, tinpanoplastiak, sudur-hausturak, errinoplastiak, septoplastiak eta ahots-kordetako patologien tratamenduak. -
Minaren klinika eta zainketa aringarriak
Kirurgia Anbulatorioko mediku espezialistak
IMQ Zurriola Zentro Medikoko Kirurgia Anbulatorioko Unitatea Zentroan bertan dago, eta ekipamendu hauek ditu: kirurgia handi eta txikiko ebakuntza-gela bat (ISO 6 segurtasun-ziurtagiria du ) eta Anestesia ondoren suspertzeko Unitatea (URPA), 3 oherekin (laster, Eguneko Ospitaleko bi gela gehituko zaizkie). Unitate hori Zentroko espezialitate hauetako espezialistek erabiltzen dute: Digestio Aparatua, Kirurgia Orokorra, Hodietako Kirurgia, Kirurgia Plastikoa, Ginekologia, Traumatologia, Oftalmologia, Otorrinolaringologia, Urologia eta Minaren Unitatea. Halaber, IMQ Zurriola Zentro Medikoko Kirurgia Anbulatorioko Unitatea, espezialista kirurgikoek ez ezik, anestesia-talde batek –Fermín Haro doktoreak zuzentzen duena– eta erizaintza-zerbitzuak ere osatzen dute.
Sortu zenetik, Kirurgia Anbulatorioko Unitateak 5.000 ebakuntza baino gehiago egin ditu. 2020an, jarduera bi hilabetez eten zuen alarma-egoera gorabehera, 843 ebakuntza egin ziren: 260, kirurgia txikikoak; 315, kirurgia handikoak, eta 181 endoskopia.
Nola funtzionatzen du IMQ Zurriola Zentro Medikoko Kirurgia Anbulatorioko Unitateak?
Espezialista kirurgikoaren kontsultan, hautapen-prozesu bat egiten da irizpide hauen arabera: kirurgikoak (kasu bakoitzari hobekien dagokion teknika), medikoak (pazienteari ez zaio arriskua areagotzen) eta sozio-kulturalak (ebakuntzaondoa segurua izan dadin, etxeko laguntza).
Profesionalak kirurgia anbulatorioko teknika bat adierazi ondoren, Kirurgia Anbulatorioko programan sartuko da pazientea, eta baimen informatuak emango zaizkio, sina ditzan, eta prozedura eta ebakuntza bitarteko zainketak azalduko zaizkio.
Behar izanez gero, ebakuntza aurreko azterketa eskatuko da, baita ebakuntzan parte hartuko duen anestesiako espezialista baten balorazioa ere; hori guztia, Unitatean sartu aurretik, eta ebakuntzaren eguna programatuko da.
Pazientea Kirurgia Anbulatorioko Unitatean sartzen den egunean, baimen informatua sinatuta eta ebakuntza aurreko proben emaitzak eramango ditu. Unitatean sartuko da eta dagokien prozedurak egingo dira.
Ebakuntza kirurgikoaren ondoren, behar izanez gero, pazientea Suspertzeko Unitatera igaroko da, eta han erizaintza-taldeak gainbegiratu eta kontrolatuko du. Alta emateko irizpideak betetzen direnean, alta-agiria emango zaio, eta etxera joango da –senide, bikotekide edo adiskide batek lagunduta–, eta etxean ebakuntza ondoko zainketekin jarraituko du; espezialistak horien kontrola edo jarraipena egingo du. Zentroarekin zuzeneko harremana izango du beti pazienteak, hala eskatzen badu, bere zainketei buruzko edozein zalantza argitzeko.